Archive for the ‘2. ARTIKULUAK Minotauroa Labirintoan’ Category

MINOTAUROA LABIRINTOAN

Igandea, Abendua 28th, 2008

Ez da erraza ez, labirintoan habiatzeko eman behar den lehen pausua. Ez, ez da erraza izaten! Betidanik, labirintoaren arriskuaz hitzegin digute, bide hestuen sentzazio itogarria, irteerarik gabeko espazio bortitza, galduta eta norabiderik gabe ibiltzearen imagina, muga, horma eta oztopoz eraikitako mundua. Urte eta mendeetan zehar, horrela irudikatu du izakiak labirintoaren historia.

Badakigu historiari aurre egin behar zaiola. Baina nola? Herramintarik ederrena asmatzen du orduan izakiak. Artea. Artearekin izakiak urruntze hurbiltze prozesu bat eraikitzen du naturarekiko. Imaginarioa asmatzen du. Mitoa. Izakiak tropo tranpak asmatzen ditu. Horrela bidea atsegiñago, ederrago egiteko. Eta bide hari horietan, ekintza bakoitzean, ez edo bai tarte horretan, minotauroa dago. Guri begira. Eta orduan, berriro itomena, angustia, mugak eta batez ere beldurra.

Dudarik gabe hau da gaur egungo giza egoera animikoa: beldurra. Eta beldur honek, gaixotasun ugari dakarkigu: ilusio falta, desenkantua, ekintza eza, egi bakar bide bakarraren poetika patetikoa. Azken funtsean, gezur haundi baten eszenaratze dramatiko tragikoa.

Bada hala ere, erresistentziaren periferian, egunerokotasunaren xinpletasunean, amets humilen munduan, bada bai, nonbait eta norbait, bide berriak ustartzen, jolasten bilatzen dabilena. Hona hemen, bizi izan nahiaren zentzua. Labirintoan sartu eta minotauroari aurrez aurre begiratzen diona. Beharbada minotauroa gure beldur dela pentsatzen duen norbait badago. Gaur egun, esan dezaket, minotauroaren aurrean dagoena ni naizela. Eta ez da arrokeri kontu bat, ez, koerentzi kontu bat baizik. Ez nuke nahi bada, bizitzaren bideetan beldurturik bizi. Ez naiz labirintoen ezta minotauroen beldur, ez. Ni naiz minotauroa eta labirintoa eraikitzen hasia naiz jada.

Nekea

Igandea, Abendua 28th, 2008

Badakit! Utopiaren ibaietan zehar gabiltzanontzat, nekea, ez da hitz polita. Baina, errealitateak utopiak baino gehiago agintzen du. Eta guztiok dakigu, osasuna erabat garrantzitsua dela edozein proiektu, ideia edota utopia aurrera eramateko. Ia, hamar urte pasa dira, Antzerkiola sortu genuenetik, Nahi eta nahi ez, krisialdiak beharrezkoak direla diote. Hori bai, gure politikariei ez diegu inoiz entzungo euskal antzerkia krisian dagoenik Bost axola politikariei euskal antzerkigintzaren alorrean ikerketak, sorkuntzak… duen eragina. Gaztetan Hertzainak taldearekin batera gogor eta ozen abesten nuen “Euskadin Rock&Rolak ez du inoiz, dirurik emanen”. Hitz berdinak erabili antzerkiarekin edo, petralagoa al da antzerkilarion egoera? Izan ere, euskal eskuindar pentsamoldeko gobernu honi ez zaio inoiz interesatu kultura, eta are gutxiago kulturgintzaren berrikuntza politiko, sozial zein estetikoak. Herri honek armagintzan zenbat diru mugitzen duen kontuak atera behar! Gaur egungo herri aberatsak horrela aberasten dira. Mesedez, ez hitz egin, espiritualtasunaz, zuen jaungoikoa aspaldi usteldu zen.

Argi dago sorkuntza artistikoak administrazioarekin oztopoak baino ez dituela izaten. Eta, zentzu honetan, profesionaltasuna eskatzen digute, baina hauen funtzionalitatea erabat amateurra da. Izan ere, ez dute ofizioa batere ezagutzen, eta ofizioaren beharrak are gutxiago. Gainera, Euskal Herrian ere, Espainian erabiltzen duten modelo berdinak erabiltzen dituzte. Herritarren benetako demandak guztiz ondo aztertu eta kontuan hartu gabe.

Estruktura hauetan ere hutsune asko ikusten dira. Adibidez, antzerki taldeok jaso dezakegun dirulaguntza jakina da ez dela sarritan nahikoa izaten. Izan ere, zertarako dirulaguntza jaso, gero ez badaukagu emanaldiak banatzeko aukerarik. Eta egia da, antzoki bakoitzak presupuesto batekin lan egiten du eta agian, presupuesto horietan bakarrik hilabetean ekoizpen bat edo bi ekartzeko aukera dauka, soilik. Azkenean sarea, arrazoi bat edota bestegatik konplikatu egiten da, eta norbere sortze lana  ia ezerezean gelditzen da.

Nik, eta Antzerkiolan sortu genuen enpresarekin utopia bat bilatzen nuen, eta ez da posible izan. Ez zerotik, baina berriro hasi behar dugu, eta nekagarria da. Nire ilusioa, oholtza gainean antzerkia egitea da, eta ez enpresa bat sortzea.

Motibazioa galdu dut, ilusio barik nabil.

Aldizkari honetan ere gustura ibili naiz nire gogoeta xumeak nolabait aportatu nahian. Baina, agur esateko ordua iritsi da. Argia-ri nire esker ona ematen bukatu nahi nuke, eta nola ez, zuri, irakurleari. Inoiz ez nuen imajinatuko, iritzi artikuluak idatziko nituenik. Baina antzerkiak eta euskarak merezi du. Eskerrik asko guztiori, bihotzez. Antzerkian ikusiko gara. Nekeak erremedioa dauka eta.

Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza

Larunbata, Abendua 20th, 2008

 

Eskerra delarik galtzen giren güti güzi hartan

Bizia da lokhartzen heriotzaren mantetan.

 Zer deabrü behar badü hola jentetzeak arren koño!

Hau nahi hura ezin, hartaz ase henaz gose, seküla ez aski.

“OIHERKOREN TRAJERIA”, Dominika Rekalt

 

Aurtengo ekaina eta uztailean manta gorri bat jarri omen dute zeruan. Ez dakit, heriotzaren manta edo bizitzaren izara den, baina beroaren ondorioz nire burmuineko hainbat neurona erabat kiskalita gelditu direla konfirmatu dezaket. Gorriak pasa ditugu bero itogarri honekin, ezta?

Metaforak ezin hautsi errealitatearen anfora. Pil-pilean dago mundua, eguzkia eta ilargia dira konplize, eta gori-gorian biraka dabil mundua: herrien arteko gatazkak, etorkinen arazoa, emakumeen borroka… begirada orokor bat emanda, panorama gorria bizi dugu une oro.

Gure ingurumarian ordea -bero izan ala ez izan-, ehundaka gorputz eta arima gorriz janzten gara. Jai egunak, herriko festak! Udaberriko kukuaren soinuak esperantzaz hitz egin zigun, sanjuan gaueko su gorriaren gainetik saltoka utopiaz betetako irrintziak bota ditugu, jantzi zurien gainetik zapi gorria nabarmentzen da sanfermin eta beste hainbat festetan. Izar zuriak noria, tiobibo eta tiropitxoien bonbila gorriekin nahasten dira, gauaren iluntasunean. Uholde arriskurik ez, baina ardo gorrizko erreka ikaragarriak sortu dira hainbat herritan, eta jendearen masaila gorrituetan begietatik hasi eta ezpainetaraino iristen den irribarrea azaltzen da. Gure gorputz zuriak hondartzaren magalean gorritu dira. Maitasuna, ai ene! Beti prest norbait gorri arazteko. Eta semaforoa ere gorri dago STOP!

Beharrezkoa da STOP! Bestela puntuak kendu, multa jarri eta oporraldiak STROPeatuko dizkigute. Eta urtean zehar gorriak pasa ondoren, uda honetako manta gorrian etzan gara. Gau beltzaren zeru zein infernuan, etzan gaitezen bada. Urte osoko lan, izerdi eta nekeak, blai-blai eginda utzi ditu izara zuriak.

Ofizioz aktorea naiz, eta profesionala naizela uzte dut, baina gainera, gustuko dudan eta ilusionatzen nauten proiektuetan egin nahi dut lan, eta honek, enpresa bat eraikitzea suposatzen du. Orduan, ez naiz aktorea, enpresaburu naiz, beno kooperatibista, eta bestalde, gizarte segurantzaren paperetan “administrari laguntzaile” naizela jartzen du. Berriz errepikatuko dut, aktorea naiz ofizioz eta afizioz, profesionala! Gure herriko kultur teknikari eta politikariak ez ote dira bada amateurrak izango?

Hala ere azken bi hilabeteotan bihotzetik ateratzen zaigun antzerkia egiten ibili gara. Bizkaiko eta Gipuzkoako herrixketan, inolako abisurik gabe lehenago gertatzen zen bezala, Komeriantero Beltzen Karabana atera eta zenbait herri eta auzo teatroz jantzi dugu. Zuberoako mendi mitiko baten ere, hainbat herritar bildu dira pastoral beltzaren inguruan. Benetako proiektuek, bihotzetik ateratzen diren horiek, bakarrik militantziaz dira posible, eta nahiz eta guretzat beharrezkoak eta balio handikoak izan, ekonomikoki guztiz debaluatuak daude. Hala ere, jakin beharko genuke, herri baten bihotzak, herri baten taupadak, ez duela presiorik.

Goizaldeetan, manta lurrean dago, kukua isildu da, kale kantoiek bidrioen berde kolorea dute, eta gure fraka eta alkandorak ardo gorriaren eraginez beste tonalitate bat hartu dute. Orain, kukuak utzitako isiltasun beltzean, begirada eta sorbalda makurturik, geldo goaz bidriozko kale berdeetan zehar, arrosa kolorez jantzita. Izan ere, istorio, maitasun, drama, samin guztiek… daukate kolore bat.

Abuztuan sartzen gara eta nik, betiko galdera egingo diot ene buruari: merezi izan du horrenbeste esfortzu, horrenbeste sakrifizio, merezi al du antzerkian jarduteak? Era askotako maskarak jantzi ondoren, orain nirea ezin aurkitu. Hutsunea. Txikitan, beti uda heltzeko desiatzen nengoen. Baina behin iritsita, faltan botatzen nuen ikastola.

Antzerki munduan gabiltzanok gorriak pasatzen ditugu bai, eta kexatu ere dezente kexatzen gara: “Hau nahi hura ezin, hartaz ase henaz gose, seküla ez aski” zihoen Ohierkoren trajeriaren sortidak. Ahüzkingo mendian, ilargi zuriaren azpian pastoral beltzak.

Ez naiz lokartuko bada heriotzaren mantetan eta gurea den lur beltzaran honetan dantzan jarraituko dut. Zaindu dezagun ondo arren, gurea dena eta gure doguna; gurea ez dena eta gure ez dogunaz bizitzea ez bai da batere gatxa.

Iritsiko da eguna non aingeru eta deabruen (t)artetik ihes egingo dudan, mantangorri bihurtuta; egun beltzen zauria zarratu eta gau zurien ametsetara zabaldu; lur beltza utzi, zeru gorria zeharkatu eta ilargi zurirantz hegaz. Teatroaren behar izanik gabe, hegaz, mantangorri bihurtuta.

2006ko uztaila, NABARRA

Armairua beteta

Larunbata, Abendua 20th, 2008

 

Ez telefonorik erabili

jendea ez dago inoiz erantzuteko prest

erabili poesia

Jac Keruac

Zuk deitu al didazu? Niri deika ibili al zara? Sakelakoa entzun dut, baina ezin erantzun. Bai… badakit ez dizudala erantzun… baina ez zen nahi ez nuelako, ezin nuelako baizik. Goizean klaseak ematen ari nintzen… eta eguerdian elkarrizketa bat nuen. Ah! Atzo! Ez! Entseatzen izango nintzen, edo eszenatokian, zein ordutan? Beno, ez dakit, sentitzen dut baina, ezin izan dut sakelakoa hartu, eta kito! Bai! Noski amatatuko dudala, autoa hartu behar dut, eta ez daukat inongo isun premiarik? Hala ere, deitu egidazu geroago. Edo ez, hobe bihar. Etzi edota etzidamu ezin izango naiz zurekin lotu. Beno, bestela, libre nagoenean deituko dizut nik.

Txikitatik izan naiz ipurtarina, geldirik ezin egon eta hamaika enbajadatan sartuta egon naiz beti. Hala ere azken hilabeteotan marka hautsi dudala uste dut. Hala tokatu da eta hala kontatzen dizut. Hamar antzezlanetan lanean aritzea ez baita broma! Baina, badakizu, antzerki aktoreok bizi beharra daukagu eta egungo kultur sare eta estrukturen barnean ia ezinezkoa da antzezlan bakar batean aritzea. Utopikoa, kimerikoa da. 

Etxeko armairuan hamaika pertsonaia ditut gordeta eta euren jantziek ez dute ezta hautsik hartzeko denborarik izaten. Ez da, ez, seinale txarra! Prest dira oholtza gainean azaltzeko. Beraien hitz, mugimendu, emozio eta keinuak ikusle askori aurkezteko. Bizitzako pasarte eta istorioak kontatzeko. 22 urte kartzelan daraman preso anarkista, Ignatius alkohol-zale eta putazale amorratua, Juan Junda psikotiko depresiboa, Camaleon psikoanalista, Estepan Asekas DJ rasta, Andoni Egaña bertsolariaren anaia Euxebio Egaña, Yuri Sam xaman hegalari eta psikoponpoa, zeta-harrak salerosten dituen Herve Honcour frantziarra, Energeia-ri buruzko hitzaldia ematen duen fisikari katedraduna… horiek dira une hauetan antzezten ari naizen pertsonaiak. Ez dira gutxi, ez! Normala, bizitzarako denborarik ez izatea.

Komediantearen maleta hartu eta herriz herri, publikorik izanez gero, edozein leku izan daiteke aproposa pertsonaiak antzezteko: teatroak, kutur etxeak, tabernak, kalea…

Urte honetan, aspalditik desiratzen nituen lanak egiteko aukera izan dut. Antzerki amateurra bultzatzeko beharraz aspaldi ohartuta nengoen eta aurten Markinako herrian Abarka Antzerki Taldie sortu dugu, herri antzerkiak ere berebiziko garrantzia du kulturgintzan eta Hernaniko hainbat pertsona eta taldek parte hartzen duten Kastillako dorreak  antzezlanean lan egitea aberatsa izan da erabat. Bestalde, antzerkia euskara hutsean ikertu eta adierazteko zabaldu dugun bide berriak nire behar pertsonalak erabat ase ditu. Aulestiko herrian ADEL (Artedrama Euskal Laborategia) sortzea magikoa izan da. Zer esanik ez, Andoni Egaña eta Paya anaiekin oholtza gainean Bertsotranpaetan aritzea.

Bai, ama, bai, lagunak, ene maitia, bai, laster izango gara elkarrekin. Bitartean, badakizu! Eszenatokietan izango naiz, eta ez deitu. Erantzungo ez dizut eta. Hala ere, nahi duzunean etor zintezke teatrora. Ez nauzu ni ikusiko, maskaraturik dagoen pertsona bat ikusiko duzu. Baina, hala ere, zin dagit maskararen atzean dagoenak bihotza oparituko dizula.

2006ko ekaina, NABARRA

Aktore europar baten eskizofreniak

Larunbata, Abendua 20th, 2008

Ez, ez dut ez, pertsonaia dramatiko bat egiterakoan gerta daitekeen pertsonalitate aldaketaz hitz egingo, topikoegia da. Ofiziodun aktoreak erabat gainditua izan behar du fase hau. Pertsonaia baten azalean sartzeak ez du inolako patologia psikotikorik ekarri behar, eta hala denean, bizitza pertsonala eta bizitza dramatikoa nahasten direlako gertatzen da edota ofizioa ez delako ondo ulertua izan.

Eskizofrenia hitza E. Bleuler-ek proposatu zuen 1908an, grekozko skizein: zatitu, arraildu, eta fren: adimen, izpiritu hitzekin osatuz. Hitzaren esan nahia aprobetxatuz, zera esan dezaket: antzerkiarekin daukadan erlazioa eskizofrenikoa dela. Mundu krudelaren anabasan galdu aurretik, antzerkiarekiko dudan sentimendu eskizofreniko hau kroniko bilakatu baino lehen, nire eldarnioak zurekin konpartituko ditut. Ziur nago askatzailea izango dela. Bai zuretzat, bai niretzat, bai gure antzerkiarentzat.

Sarritan gertatu zait, lan-bidetik atera eta nire benetako ofizioa zein den ahaztea. Peter Brook-ek “Espazio hutsa” liburuan, azterketa interesgarria burutuz, lau antzerki mota planteatzen ditu. Brook-ek antzerki hilkorra, sakratua, zakarra eta berehalakoa bereizten ditu. Bere gogoetak abiapuntutzat hartuz, antzerkiaren ideia orokorra alde batera utzi eta aktore izatearen partikulartasunaz mintzatuko naiz. Aktore ofizioa zertan den edota zertan bilakatu den azaltzeko hona hemen diagnosia. Bost talde nagusitan bereiztuko ditut: Aktore modernoa, aktore protagonista, aktore post-modernoa, aktoreen aktorea eta aktore krudela.

 Lehenbizikoa eta gaur egungo aktore modeloa aktore modernoa da, gizarte eredua. Aktore modernoak zinean, telebistan eta publizitatean egiten du lan, ikus-entzunezkoen medioan hain zuzen. Bi aktore mota ezberdintzen ditut: aktore heroikoa eta aktore birtuala.

Lanbidearen gailurrean eta posturik pribilegiatuena aktore heroikoak betetzen du. Zeru eta izarretatik oso hurbil dagoen aktore modeloa da. Zazpigarren artearekin jokatzeko gaitasuna dauka. Zine izarrak dira aktorearen olinpoan aurkitzen direnak eta beraien dirdirak ikusmin berezia sortzen du. Telebistako aktoreak ere egunerokotasunaren eta oro har kulturan ospe handia daukate. Batzuk, publizitatearekin ere ausartzen dira, eta edozein produktuaz hitz egin eta seduzitzeko kapazitatea daukate: bidaia paradisiakoak, CXPower mugikorren beherapenak, janari prefabrikatuak, hipoteka eta kreditu baxuak… kontzientzia ere zaku berdinean sartu eta denbora gutxian poltsikoa betetzeko aukera paregabea izaten du aktore heroikoak.

Aktore birtualak ostera, telebistan lan egiten dutelako dira ezagun. Normalean ez dira aktore ofizioa ikasitakoak, denetarik dago: kazetari, filologo, arpei handi, “xouman” edota entxufatuek betetzen dute plantilla. Ipurdian hesola bat sartu diotela dirudi!  Bere keinurik nabarmenena, ezpainetan agertzen da eta aurarik gabeko irri barra lortzea da beraien meritua. Badira hala ere, pertsonalitateari eutsi eta lan serio eta onak egiten dituztenak. Lanbide honetarako benetan balio dutenak, alegia. Eskema jakin batzuekin jokatzen dute beti, eta inprobisazioa eta freskotasuna da beraien arma. Ondo aski dakite, espazio diegetioaren barnean denbora eta audientziaren tenperatura urrea bezain preziatuak direla.

“Play, play, play…”, bizitzaren joko miserablean sartu gara! Aktore protagonista, XXI. mendeko europar tragediaren idolo izatetik urrun dago, edo ez! Hala ere dramaren funtsezko artista, bera da. Ikuskizunaren munduan dago bere tronua. Bi eratakoak antzeman daitezke: Aktore organikoa eta Itzaleko aktorea.

Aktore organikoa, herriak aukeratzen du “normalean”. Calderon de la Barca-ren “El gran teatro del mundo” bezala, bizitza eskenatoki handi bat bailitzan funtzionatzen du aktore honen lanbideak. Su artifizialez inguraturiko Tobera Mustrarik esperpentikoena da. Paperean sartu eta benetan sinisteko gai diren aktore arketipoak dira. Sistema demokratikoa dute eredu. Txotxongiloak bailiran hitz egin eta mugitzen dira. Gezurra egi bihurtzen maisu, ohitura zuzenen adibide garbi eta klixez josiak dituzten jantzi grisekin osatzen dituzte beraien agerraldiak. Telebistan, komunikabideen aurrean, jaialdi jendetsuetan, sari banaketetan… maskaraturik agertzea oso gustuko dute. Kolore askotako taldea osatzen dute politikari, apezpiku, kultur teknikari, programatzaile, legegizon zein kirolari hauek.

Bestalde, Itzaleko aktorea dago. Platon filosofoak interpretatu zituen lehen aldiz, kabernetako garaian sortutako aktore honen portaerak. Praga edota Txinako tradiziozko antzerkitik ateratakoak dirudite. Txotxongiloak, aktore organikoak, manipulatzeko ezinbestekoak dira. Japongo Bunraku antzerkikoak bezala, txano beltza daramate. Hauek dira benetako hariak mugitzen dituztenak. Ikusezinak. Agente hauen eginkizuna, bizitzaren merkatua kontrolatu eta kultura debaluatzean datza.

 Hirugarren aktore mota, aparta eta groteskoa agertzen zaigu. Gaur egun, aktore post-modernoa deritzona, perretxikoak bezala zabaldu da europar lurralde osoan. Ofizio aipagarrienak, aktore pintxozalea, aktore anorexikoa, txakur-ametsen aktorea, aktore mundia, aktore terapeutikoa eta aktore engainatua dira.

Aktore pintxozalea, kasting batetik bestera ibiltzen dena. Publizitatea da bere diru iturri nagusia. Aktore hauek, kurrikulum oso luzeak izaten dituzte, gehienak Estatu Batuetan ikasitakoak izaten dira. Jan orduetan, menu osoa eskatu baino, nahiago dute pintxo gozo batzuk dastatu eta hilabeteko soldata egun batetako lanarekin asebete. Horrelakorik ez denean, zarzuela, opera eta ikuskizun komertzialetan figurante lanak hartzen dituzte.

Bestalde, aktore anorexikoa dago. Ofizio honetan, fisikoak berebiziko garrantzia du. Egia esan, lanbide gogorra da eta arriskutsua izatera bihurtu daiteke. Normalean modatik datorren jendea izaten da. Kontaktu on batzuen eraginez, interpretazioaren izarra pizten zaizkio, eta zinean, telebistan zein antzerkian, bere ospe eta edertasuna medio, lan egiteko aukera izaten du.

Txakur-ametsen aktorea ordea, fantasia hutsean murgiltzen den pertsona izango litzateke. Artista kimerikoa. Segundo batzuetako fama lortzeko bere arima edozer gaitik saltzeko gai dena. Txikitatik aktore izateko ilusioa izan duena, baina amets hori lortzeko pausu bat ere eman ez duena. Kolpezko indar magiko batek, bapatean munduko aktorerik trebeena eta ezagunena bihurtuko duena. Eta hala ez denean, fans elkarte batean bukatzen du, edota prentsa arrosaren astekariak erosten.

Mugarik gabeko aktorea edo aktore mundia, aktore mota honi sentimendu pseudo-hippie batek mugitzen dio. Aktiboki, parte hartzen du, Gobernuz Kanpoko Erakunde ugaritan. Badu baita puntu teologiko bat, batzuetan hirugarren munduko herrietara joaten da bere bizi-poza azaltzera. Norbere herrian aurkitzea sailagoa bai da.

Aktore terapeutikoa, berdin zaio Heiner Müller-en “Hamletmaschine” edota Carlos Arniches-en “La señorita de Trevélez” egitea. Lagun berriak aurkitu eta ondo pasatzea da kontua. Gorputz espresioa eta batez ere, desinibizioa lantzea gustatzen zaio. Pentsatzea ostera, ez horrenbeste. Ni nor ez naizen aurkitzea du bere helburu, eta ikastaroz ikastaro habiatzen da bere txandal berde pistatxoarekin.

Aktore engainatua, post-modernitatearen ondoriorik latzenak pairatzen ditu aktore mota honek. Animatzaile sinpatikoa da. Bere laneko objektu konplizea sudur gorria izaten da. Urtean zehar lan bitxiak egiten ditu: neguan errege, udaberrian Jesukristo eta udan monitore. Familia burgesetako umeen jaunartze eta urtebetetzeetan ere parte hartzen du. Lan dinamikoa da erabat. Baina bere unerik magikoena, ezkongabeen agurretan kremazko pastel baten barrutik ateratzen denean izaten da. Ofizio honetan dabilenak, ez ditu hirietako antzoki ederrenak inoiz zapaldu. Bere burua engainatuz, aktore hoberena dela errepikatzen dio etengabe bere kontzientziari. Udazken garaian, itsulapikoa hustuari begira negar egiten du.

Beste talde bat aktoreen aktoreek osatzen dute. Aktore izandakoak dira, ofizioa utzi eta antzerkigintzaren beste esparru batean aurkitzen dute lekua.

Adibidez, patuak betirako antzerkiarekin lotu duen gorbatadun aktorea daukagu.  Arropa, seguru etxe edo arrain saltzaile bihurtu baino, nahiago du ondo ezagutu eta kontrolatzen duen medioan lan egin. Oholtza gainean lan egindakoa izan arren, kamerino, jantoki eta bulegoak bihurtzen dira bere lantoki. Ekoizpena eta banaketa dira bere ofizioaren jomugak. Programatzaileekin eta erakundeekin hitz egin eta konbentzitzea da bere eguneroko antzerkia.
Egia esan, aktoreen aktore izatea istripu antzerako bat da. Antzerki aktorearen diru iturria eskasa izanik, ikastaroak edota eskolatan klaseak ematen bilatzen du aktore pedagogoak alternatiba. Arte dramatikoaren hezkuntzan, alor pedagogikoan hain zuzen, ofizioz aritzen direnak gutxi izaten dira. Normalagoa da, antzerki bolorik ez izan eta ikaskuntzara dedikatzea, sarritan ofizio hau frustrazioz egiten delarik.
 Azkenik, Antonin Artaud-en “Krudeltasunaren antzerkia” paradigma bezala hartuz, aktore krudela daukagu. Antzezpenaren artea da aktore honen ezaugarri nagusia. Zerutik baino, infernutik hurbilago daude aktore amateur, IMI aktore, 4×4 aktore eta aktore hutsak.

Aktore amateurrak, militantzian sinisten du, eta arte dramatikoak erakartzen dio. Antzerkiaren etorkizuna positiboki sentitzen duen aktore mota bakarra da.

IMI aktoreak aldiz, J. Grotowski-k modelatutako aktore pobrean du bere oinarria. Baina bere entrenamendu fisiko eta bokalak, bere diziplina bortitzak eta espiritualtasun bideak, IMI-a edo Oinarrizko Errenta kobratzera derrigortzen dio. Nahiz eta, utopia eta materiaren arteko oreka bilatzea kostatu.

4×4 aktorea edo aktore todorreneoa, urte berean sei obra ezberdinekin ibiltzen dena da. Aktoreak nolabait bizi ere bizi behar du, eta saila da obra berdinarekin sasoi luze bat egitea. Horregatik, aktoreak hainbat obraekin batera jokatzen aritzea baino beste erremediorik ez dauka.

Guztietatik krudelena, aktore hutsa da. Aktore honek antzerkian egiten du lan. Eszenatokian denean, bere arima eta gorputza inoiz ez ditu saltzen, oparitu baizik. Krudeltasun eta edertasunaren artean bizi den benetako antzerki aktore bakarra hau da.

Ai ene! Espiritua arraildu zait. Antzerkiaren merkatuan aktorean egoera itogarria da. Europar merkatuan, burtsak, interesen arabera jokatzen du aktorearekin. Eta merkatuak interesatzen zaionean inbertitzen du soilik. Panorama honen aurrean, ez zait interesatzen aktore izatea. Aktore izatea ez bai da interes kontu bat, behar bat baizik. Erotua ote nago?

2006ko apirila, ARGIA

Saguzarrak lotan daude eta… Inshalá

Larunbata, Abendua 20th, 2008

Gogoratzen naiz txikitan aitonaren ondoan jarri eta eguerdi zein gaueko partean Iran/Irak gerra amaiezin hura telebistan iragartzen zutenean. Zeinek esango zidan urte batzuk geroago Teherango Antzerki Jaialdi batean izango nintzela, Irango gobernuak ekoizturiko The 24th Fadjr International Theater Festival-ean hain zuzen. Jon Gerediagak idatziriko Yuri Sam lanarekin, eta euskaraz!

Irango lurra zapaldu eta gure antzerki taldeko neskak burua zapiarekin estali behar dute. Islamiar Errepublika duen gobernuaren aurrean, herritarren bizimoldeak erlijio islamiarrak markatzen ditu eta legea bortitza da erabat. Zapi madarikatuak! Guk Inshalá (Alak dioena) esango diogu geure buruari eta errespetatu beharko ditugu herritarren ohitura, lege, erlijio eta abar. Gure herrian ere horrelakoak izan ditugu, gaur egun euskal dantza tradizionalean emakumeak buruko zapiarekin dantzatzen dira. Bikoteko dantzetan ere, batzuetan elkar eskua eman gabe zapi bat jartzen da esku tartean, sexu ezberdinen kontaktu fisikoari betoa jarriz. Horrela, gizartearen adierazpideak moztea lortzen dute. Boterea, herria menperatzeko, bidegabeko edozer gauza egiteko gai izan da betidanik. Madarikatuak!

 

Persiar hizkuntza ezagutu ez eta itzultzaile bat izango dugu egonaldian. Said deitzen da. Gure antzerki lana aurrera eramateko prest gaude eta antzokira zuzentzen gara. Eszenografia ez da iritsi. Nerbioak. Itxoitea. Iragarritako lehen funtzioa ezin dugu egin. Eszenografia heldu bezain laster lanean jartzen gara, bigarren emanaldia egitera iristeko. Baina obra gizon batzuek ikusi behar dute lehenago. Obraren nondik norakoak azaltzen dizkiegu <<gure erara>>. Bi neskek, hasi baino lehen eta besoak ez ikusteko, jantzien mahukak josi egin behar izan dituzte. Sei edo zazpi gizon dira eta erne daude gure mugimendu, musika eta azalpenei. Badirudi gustukoa dutela. Baina, alde egin baino lehen, neska bien jantzien gainean beste jantzi bat jartzeko eskatzen digute. Eskaria onartu ondoren, prest gaude antzezlana egiteko. Hiru emanaldi burutu ditugu eta jendeak asko txalotu du obra. Seguru aski ikusleek ez dute gauza askorik ulertu, obraren hizkuntza, mugimenduak, mezua… baina hunkituta atera dira antzokitik. Teherango Arte Dramatiko Unibertsitatean antzezlana egitea eskatzen digute eta proposamena onartzen dugu. Telebistan jaialdiaren xehetasunak agertzen dira. Gure antzerki obraren imajina, iritzi eta elkarrizketei kantxa nahikoa eskaintzen diete. Unibertsitateko bi taldek gure entrenamendu eta lan egiteko erak ikasten dituzte. 

kairoko-nomadak-3

Sei egun pasa dira jada eta egin beharrekoak bete ditugu. Etxera itzultzeko beste sei egun falta dira eta hiriko auto, bazar eta eraikin grisak ez zaizkit batere erakargarriak iruditzen. Kaleak Gobernuaren propagandaz josirik daude, islamiar xiiten ikonoak, Iman edo iraultzaren heroien irudiak nonahi ikusten dira. Arte liburuetan emakume zein gizonen pintura eta eskultura biluziak tapatuta daude. Musika oso merke, baina gutxi. Bach-en San Mateoren pasioa CD pirata erosteko aukera izan dut. Baina ikaragarriena auto gidari mordo baten mugimendu eta klaxon zarata histrionikoa da. Ezin dut gehiago! Ez dago zerbait hartzeko ez tabernarik ez inolako leku aproposik eta banoa hotelera. Telebista piztu eta 1979ko erreboltaren propaganda, kanala aldatu eta espainiar ligako partidua. Off! Holako egoeretan denbora betikotu egiten da. Ohe ondoko mahaitxoan, Bilboko aireportuan Jonek oparitutako liburua daukat. Eskerrak! Rilke-ren sonetoek salbatu naute. Orain Orfeok kaleko zaparrada guztiak musika bihurtuko ditu. Sukut! Ixo! Isiluneko musika eta marrubi usaia. Zergatik ez?

Azken egunak zenbait herrialdetako antzerki lanak ikusten pasako ditut. Alemania, Frantzia eta Italiako lan batzuk ikusi ditut, baina ez zaizkit batere lan borobilak iruditu. Errusiar talde baten Chejov bat ikusteko aukerak ihes egin dit. Iran-go antzerkiko aktoreen maila oso ona da eta gainera, persiar hizkuntzak badu musikaltasun berezi eta atsegin bat. Hala ere, jarrera artistikoa nahiko otzana iruditzen zait. Ez zaizkit oso lan pertsonalak iruditu, orokorrean lan mimetikoak iruditu zaizkit eta indarrik gabeak. Orokorrean joera naturalistak menperatzen du, eta hausnarketa estetikoaren falta sumatu dut. Ikusle burgesei zuzendutako lanak dira, ez dago benetako konpromisorik, ez da nehor bustitzen.

Bizitza publikoa eta lagunarte eta etxekoen arteko bizitza oso ezberdinak direlakoan nago. Pena da sakonean bertako jendearen egunerokotasuna ezagutzeko aukera ez izana. Azkeneko egunean, zuzendari irandar batekin elkartzekoa naiz. Gau orduko zita da. Topaketa berezi batera gonbidatu nau. Ofizio lagun edota esperientzi berriren bat aurkitzeko asmoz, esandako ordu eta lekuan agertu naiz. Baina laguna ez da agertzen eta inork ez daki ezer. Bueltako bidea hartu beharko dut, berriro hotelera. Teherango karrika ilunetan isiltasuna aditzen dut. Orfeo-ri esker, saguzarrak ere lotan daude.

Euskal Herrian Yuri Sam-ek oso antzezpen gutxi egin ditu. Bere garaian kritika onak eta Donostia saria jaso zituen, baina herriz herri ibiltzeko ez da nahikoa izan. Kalamitatea da baina, hurrengo emanaldia Miamin izango dugu. Chicago, Rosario, Mexiko Berria, Kairo… martxa honetan, benetako talde hegalari eta psikoponpoa bihurtuko garelakoan nago. Hainbat herrialde zeharkatu eta gero, nork bere herrian lan gehiago ez egitearen hutsunea nabaritzen dut. Atzerrian antzerkia egitea interesgarria, aberatsa eta ederra da. Gure herrietako antzokietan Yuri Sam aurkezteko aukerarik ez izatea, ostera, ez da batere pozgarria. Inshalá.

2006ko apirila, NABARRA

Bertsoartean irauten duen arnasa

Larunbata, Abendua 20th, 2008

“Eta kanta ezazu esandako bertsoa,

kantua baita bertsoaren lurra”.

Yahili bertsoa, Hassan b. Thabit

 

Arkulariak (bertsolaria) eta arkulariaren xedeak (bertsoa) aurkako izateari uzten diotenean, errealitate bakar bihurtzen direnean –iturria, jatorria, etorria-, bertsogintzaren artea sortzen da. Bertsolaria eta bertsoa bat eginda doazenean, gezi indartsu bezala sartzen da ikuslearen pentsamendu eta bihotzean. Une labur horretan, ikuslea ia arnasarik gabe gelditzen den istant horretan, uler eta senti daiteke bertsoartearen gozamen estetikoa.

 

TESTUINGURUA. ESPERIENTZIATIK ABIATUZ.

Azken urteotan bertsogintzak egindako ibilbidearen ikusle eta parte-hartzaile izan naiz era apal batean. Bertsogintzak niretzat beti estatus sakratu bat izan du eta izango du. Gozamen estetikoa sortzen duen artea, gizarteak sakratu bihurtzen du. Bertsoaren artea sakratua da. Nahiz eta profanatua izan, bertsogintzak beti iraunen du. Euskal gizartean bertsolariaren figura ondo ikusita dago –ez horren ondo antzezlearena- eta bere lana leku askotara moldatzen da. Telebistarekin ere aurrera pausoa eman du.

1980. urtean hasi nintzen bertsogintzaren alde teorikoa ezagutzen. Horretan izan nuen maisu Luis Baraiazarra. Garai hartan, Bilintxen Juana Bixenta Olabe edota bederatzi puntuko bertsoaren melodia batek zirrara sortzen zidan gorputz osoan. Hura izan zen, bertso munduarekiko nire lehen kontaktua. Markinan, bazegoen abadeen txoko bat, eta bertan biltzen ziren astean behin bertsolariak. Ni ere, bertara joaten hasi nintzen. Bustarri, Altzalei eta Justo izan ziren nire lehenengo maisuak. Eta ondoren, Lauaxeta ikastolako Xabin apaiza eta Jon Lopategi. Garai bitxiak izan ziren haiek, ostiral gauero Eibarko bertsolariekin Trabakuako tabernan sutondoan igarotakoak, oholtza gaina Lazkao Txikirekin partekatu izana, herri-auzoetan Azpillaga eta Mugartegirekin gozatutakoak, Mañukorta eta Elexpururekin Amorotoko frontoian Lea-Artibaiko txapela jantzi bezain pronto oholtza guztia apurtu zenekoa, Kanpantxun igarotako gaubeilak, Bizkaiko bertsolari gazteen txapelketak… eta abar preziatu bat. Denborarekin afizioa neurri batean ofizioa bilakatu zen, eta gaur egun oholtza gainera igotzea da nire beharra, baina ez bertsolari, aktore bezala baizik.

 

BERTSOLARIAREN MEKANIKA ETA POETIKA ARTE DAMATIKOAREN IKUSPUNTUTIK.

Zer da bada bertsolaria? Bertsoaren haria daroan herriko poeta, zigokari, aktore, pentsalari, koblakaria… da bertsolaria.

Bertsolariaren eta antzerki aktorearen ezaugarririk berdintsuena zera da: ikuslearen aurrean duen komunikazio zuzena. Ezberdintasunik nabarmenena, ordea, inprobisazioan dago, bat-bateko jardunean, hain zuzen. Bertsolaria molde eta arau batzuen barruan mugitzen da, baina inprobisazioa da bere tresnarik ederrena. Antzezlea, ordea, molde itxiago eta hermetikoagoetan mugitzen da, badu inprobisaziorako margen txiki bat, baina aktorearen lanak errepikapenean du bere funtsa, eta pertsonaia dramatikoa antzeztu eta gorpuztea da azken adierazpena. Aktoreak ezagutzen du bere patua, bertsolariak ez, ordea. Aktore performatiboa bertsolariaren moldeetatik hurbilago egongo litzateke kasu honetan. Aktoreak, ikasitako testu bat erabiltzen duenez, bere ARNASA (energia) eta bere ekintza beste era batean erabiltzeko libertatea eta aukera dauka (mugimenduan, keinuetan, hitzaren erabileran…). Bertsolariak ez, ordea. Bertsolariaren arnasa plano mentalean kokatzen da. Erabiltzen duen tresna ahotsa da eta bere ekintza-egintza hitza. Aktorea ez bezala, bertsolaria sortzailea ere bada, poeta.

Arte bakoitzak bere arauak, bere paktuak ditu. Arau horiek aldez aurretik pentsatu eta adostutako mekanika batzuk dituzte. Bai artistak bai ikusleak arau kodetu horien barnean moldatzen eta jokatzen du. Bertso munduan adibidez, edonork daki zer den poto egitea. Gaur egungo antzerkiarekin ez da berdin gertatzen –litekeena da maskarada edota pastoraletan gertatzea, baina ohiturak eta oro har antzerkiarekiko gozamen estetikoa desagertuz doaz-. Ohiturak ohitura direlako soilik mantentzeak fosilizazioa dakar, galtzea, heriotza alegia. Bilatzea/aurkitzea, ikerketa, aldaketa eta jolasak, ordea, ohiturak bizirik irautea dakar. 

Zer esanik ez dago bertsogintzaren mekanika ondo ezagutu behar duela bertsolariak. Mekanikaren barruan oinarrizko arauak bete behar dira jokoan sartzeko. Bertsolaritzaren arauen ezaugarriak: hizkera, neurria, errima, gaia. Mekanika hori dominatzeko, bertsolariak teknikaz baliatu behar du. Teknika, bertsolariaren erreminta, tresna da. Bertsolariak bertso eskolan edota bere kabuz egiten dituen ariketak teknika bat izaten dute, eta teknika hori beste hainbat esparrutara zabaldu daiteke. Kontzentrazioa, begirada, arnasketa, imajinazioa lantzea izan al dira ariketa batzuk. Visvanatha idazle hinduak, adibidez, honela esaten digu: “Antzerkian, imajinazioa erabiltzen ez dutenak egur zatiak, hormak edota harriak bezalakoak dira”. Bertsogintzan imajinazioa eta batez ere zorroztasuna asko eskertzen da. Bertso munduaren mekanika ezagutu eta ulertzen bada, bertsoa osatzeko taxuz erabili behar diren elementuak zeintzuk diren jakinda, prestakuntza egoki bat lortu eta lantzeko metodo eta estrategia estrukturatuak bila daitezke.

Baina prestakuntza egokiak, mekanikaren ezagutzak edota teknika ondo erabiltzeak ez du deus balio poetikarik ez badago. Arimaren mundu sinboliko eta pertsonalean sartzen gara. Poetikaren sentsibilitatea hausnarketan, senean, inteligentzian… ezkutatzen da. Ikuslearen eta bertsolariaren mundu sinboliko/artistikoa hitza da. Hitzaren bitartez, joko linguistikoak erabiltzeaz gain, beste xede batzuk ere bila daitezke. Baina argi izanda beti ere, mekanikarik gabe poetikak ez duela deus balio.

BERTSOLARIAREN ARTEA ESPAZIOAN ETA DENBORAN. GORPUTZA ETA AHOTSA ELEMENTU DRAMATIKO GISA.

Guztiok dakigu bertsoa eta kantua mundu zabaleko hainbat kulturaren arte eta parte dela. Herrialde guztietan oinarrizko printzipioak berdinak izanda ere, bideak zeharo ezberdinak izaten dira. Artearen eta bizitzaren labirintoan, gure herriak mendez mende bermatutako kultura audio-bokala izan da, eskuz esku ibili izan dugu gure eskuera, ahozko transmisioa erabiliz. Eta horrek berebiziko garrantzia izan du gure historian, baita bertsolaritzaren historian ere.

Garai batean Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika titulupean egindako gogoetak aprobetxatu nahi nituzke aktorearen eta bertsolariaren arteko analisi konparatibo bat egiteko. Eszenatokira igotzeak egoera estrakotidiano batean jartzen gaitu, ikusleak bertsolariari begirada zuzentzen dion unetik gorputza trantze antzeko batean jartzen da, jokoan sartzen da. Lanean hasi bezain pronto, aktoreak/bertsolariak hiru kontzientziarekin jokatzen du. Lehenengo kontzientzia, pertsona (organikoa); bigarrena, aktorea/bertsolaria (mekanikoa); eta hirugarrena, pertsonaia (imajinarioa). Oholtza gainean gaudenean, gehien dominatu eta ia une oro erabili behar den kontzientzia bigarrena da, ofizioa. Bertsolariaren ofizioak, errimen ehizari, hitzen dantzari, neurriaren musikari, gaiaren pilotari, zentzuaren zantzu(hari), INDARREZ heldu behar dio. Burmuin eta gorputzean hiru kontzientziak era kaotiko eta kapritxosoan jolasten diren arren, bertsolariak OREKA bilatu behar du. Oreka hori aurkitzen denean, bertso edota saio biribila suertatu dela esan dezakegu.

Artez moldatu eta jokatu behar du bertsolariak espazioan eta denboran. Espazioak batik bat  berebiziko garrantzia du. Lekuak definitu egiten gaitu, kokatu egiten gaitu. Bertsolariak espazioarekin duen erlazioa ikuspuntu askotatik azter daiteke (ikuspuntu linguistikoa, soziologikoa, antropologikoa, fisiologikoa…), baina bertsoartearen poetikara iristeko, funtsezko bi egoeratatik pasatu behar du bertsolariak: lehenengoa, bertsolariak inguruarekin duen erlazioa, dagoen giroarekin (ikusleak, gai-jartzailea, taberna, frontoia, beste bertsolariak…); eta bigarrena, bertsolariaren gorputza espazioan (oholtza baten gainean, antzoki batean, taberna batean eserita, balkoi batean…). Bertsolariak lekua sentitu behar du, espazioa hartu, harrapatu. Bertsolariak bere gorputza tokian mantendu behar du, inguruan duena dominatu, ikuslearen aurrean duen erantzukizuna bere egin. Horrela izanda, gorputzaren jarrera, presentzia, era askotakoa izan daiteke, baina, batez ere, gorputzak lasai egon behar du, tentsiorik gabe. Hankek jauzita egon behar dute, lurrari iltzatuak, lurrari itsatsiak, gorputzaren pisua hanketara bidali behar da. JAUZI egin. Bertsolariaren arnasa plano mentalean kokatzen dela esan dugu, baina horrek ez du esan nahi gorputza geldi dagoenik. Gorputza espazioan eta denboran erne dago, ADI. Barne dantza batek astintzen du bere arima, azkenik kantu bihurtuta ateratzen zaio ahotik hitza, azken adierazpena ahots, kantu eta hitzez esaten duena izanik, eta ikusleari hari eder hori iristen zaio. Horregatik esaten da bota bertsoa. Bestalde, oso itsusia da aktore bat testua  botatzen ikustea. Aktoreak hitza jarrita dauka, bereak ez diren hitzak erabiltzen ditu, hitza eta ekintza etengabe errepikatu eta bizirik egotea da bere artea. Poetaren hitz kamuflatua organiko egitea, lehenengo aldiz esango balu bezala. Bertsolariarengan, ostera, hitza eta ekintza bat dira, ideien eta sentimenduen artifizioa sortzen duena. Hitzak kontzientzia imajinario bat sortzen du. Bertsolariak hitzean darama atrezzoa, eszenografia, jantziak, makillajea edo maskara. Bertsoen hitz kateatuek mundu imajinarioak irudikatzen dituzte, pentsamendua jorratuz, balizko tranpak sortuz. Espazio/denbora sinple eta konkretu batetik hasita beste abstrakzio batzuetara bidaiatzen du bai bertsolariak bai ikusleak. Bertsolaritzaren arteak bizitzaz haraindi eramaten gaitu batzuetan, eta nolabaiteko katarsi egoerak bizi izaten ditugu.

Agerian dago bertsogintzak baduela izaera dramatiko bat, eta dramaren bi aurpegiak ezagunak dira erabat: komedia eta tragedia. Aukeratutako erritmo eta doinuak intentzioa ematen dio bertsoari. Erritmo arin eta biziek komediara hurbilduko gaituzte, eta erritmo geldo, sakon eta pausatuek tragediara ostera. Erritmoak markatzen du denbora. Bertsolariaren denboran, antzerkian bezala, premia bat dago. “Hemen eta orain” jardun, egin, esateko beharra. Premia hori jendearen begiradak markatzen du. Baina behin bertsoa hasita, premia bertsolariak markatu beharko luke. Premia ez da urduritasuna, presa, ezinegona. INDAR fisiko zein animiko bat ba. Hala izanda, bertsolariarentzat isiltasunak ez du etsai izan behar, isiluneak ere bere jolasa dakar, tentsio dramatiko bat eman ahal dio bertsoari. Bertsolariaren ahotsa bizi hats bilakatzen da, gorpuzdun musika. Bertsolariak ondo ahoskatu behar du, zezeldu gabe. Ahotsaren kolokazioa menperatzea ere garrantzitsua da, esaten den hitzarekin, intentzioarekin jolastea, batik bat. Bertsolariaren gestus-aren energia –tentsioa, gorputzarekiko oposizioa- aurpegian kokatzen da eta ateratzen zaizkion hitz multzoen ispilu begiak dira. Begietan azaltzen zaio egoera animikoa. Erabat konkretua da bertsolariaren begirada infinitua.

Ezin ahaztu gai-jartzailearen irudia. Honek ere berebiziko garrantzia dauka. Funtsean bertsolariaren eta ikusleen arteko haria erraztu eta indartzen du, bertsolariaren ondoan egon arren, ikusleen konplizitate osoa dauka. Ez da bertsoarekin inplikatzen, bai, ordea, saioarekin. Antzerkian zuzendariak betetzen duen lanaren antzekoa da gai-jartzailearena. Saio bakoitzeko dramaturgiaren arduraduna da. Hala ere badira, X. Amuriza bezala, saio integralak egitea gustuko dutenak. Inongo gai-jartzaileren laguntza barik. Antzerkigintzan,  Shakespeare edota Moliere aipatuko ditut adibidez. Nahiz eta berdina ez izan, horiek ere dramagile bezala dira ezagun, baina aktore eta zuzendari izandakoak ere badira.

BERTSOLARITZAREN BIDE BERRIAK. IKERKETA ETA ESPERIMENTAZIOAREN BEHAR-BIDEA.

Bertol Brecht-ek BECen izandakoa ikusiko balu! Bertsogintza, fenomeno bezala, garai berrien antitesi bihurtu dela iruditzen zait. Pentsamendu sinbolikoan, hermeneutikoan eta ez hermetikoan murgil daiteke, etengabe hizkuntzarekin jolasean, kolektibo imajinarioa sortuz, koherentziaz eta autokritikaz, etika eta politika berriak uztartuz, kultura berreraikiz, gizarte indibidualistari so eginez talde eta kolektiboak sortuz, hezkuntzari berebiziko garrantzia emanez. Ikuskizunaren gizartean bizi garela dio Guy Debord-ek. Egia da, bai, gaurko  teatroak ikuskizuna bilatzen du, denbora-pasa hutsala. Baina sumatzen dut bertsolaritzak baduela bestelako xarma. Erritula mantentzen du, herri kulturan barneratua dago eta batzuetan, ez beti, ikuskizun bilakatzen da.

Bertsogintzak abangoardia guztiak ukitu eta apurtu ditu. Nire lagun Oteizak esango lukeen bezala: “Abangoardia prehistorian dago!”. Zenbat bertso saio dadaista, non arau guztiak apurtuak izan diren. Zenbat bertso saio kliniko, patafisiko, metafisiko, sasi saio, surrealista, onomatopeistiko eta minimalista suertatu dira bada. Eta zenbat bertso genero: bertso afariak, txapelketak, saio integralak, bertso-tramak… horrek guztiak laguntzen dio bertsolaritzari bizirik irauten.

Garai berrien aurrean bertsogintzak pertzepzio berrien ikusle fina izan behar du. Memoriari eutsiz, loreak tradizioaren sustraietatik sortzen direla ahaztu gabe. Ikusleen aurrean ez dela esperimentatu behar, uste hori arrazoi-gabekeria bat dela jakinean. Adibidez, Afrikako umeei aldez aurretik probatu gabeko medizina bat ematea bidezkoa al da? Horregatik bada, esperimentazioak aldez aurretik egindako lana izan behar du, etxean, entseguetan, desorduko elkarrizketetan sortzen den lana. Hala ere, logikak baztertuz eta kontraesanak sortuz,  bertsolaria beti daukagu es(-per)imentatzen, beti dago bidaiatzen, bai fisikoki bai mentalki. Bertsolaria batez ere, nomada da. Akaso, horregatik irauten du bertsolariaren arnasak. Hurrengo txapelketa nagusian ikusiko gara berriz, Bardeako desertuan, Santiago Bernabeun, Nilo ibai-ertzean, Moskuko plaza gorrian, Washingtongo etxe zurian… niri bost axola non izango den. Han izango nauzue, bertsozaleak ere nomadak baikara, bertsolariekin batera arnasa hartuta, kantu eta bertso bila goazen nomadak.

2005eko abendua,

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Larunbata, Abendua 20th, 2008


Txikitan nire ilusiorik handiena oholtza gainean antzerkia egitea zen. Ez nekien gauza askorik antzerkiari buruz, baina barrutik ateratzen zitzaidan zirrara ikaragarria zen. Bokazioa, ilusioa, magia, burugogorkeria… batek daki!

Denbora joan ahala eta pixka bat kozkondu nintzenean barne sentimendu hura atera beharra neukan. Ez neukan inongo arrazoirik, ezta nire nahia defendatzeko inolako argudiorik. Are gehiago, ezin nuen hitzik aurkitu hura azaltzeko. Baina momentua iritsi zen eta:

-Ama, aktore izan nahi dut.

-Zeeeer?

Antzerkia egitearen ideia hori, egia esan, ez  zegoen nire alde. Hau da, nire bihotza ezin nuen nire amarekin partekatu. Alde batetik, antzerkia egitea zen nire desioa, baina, bestalde, nire bihotza amarekin partekatu nahi nuen. Nire nahia zela erakutsi, gai nintzela azaldu eta nire ilusioa zela ulertarazteko antzerki obra bat egin nuen. Nire herriko lagun Aitor Zuberogoitiak idatzi zidan Absurdoari buruzko gogoetak bakarrizketa zuzendu eta interpretatu nuen. Estreinaldi egunean amari malko batzuk eta bihotza lapurtu nizkion.

Argi zegoen nire nahia antzerkia egitea zela, baina hori ez zen nahikoa. Nahia gauza bat da, eta nahi den hori lortzea beste bat. Orduan, txikitako amets hura praktikan jartzeko hitz zehatza aurkitu nuen. Ofizioa. Aitarengana joan eta zera esan nion:

-Aktore izanda, antzerkitik biziko naiz.

-Zelaaaan?

Garai hartan, gogoratzen naiz Mikel Garmendia aktore ohiak erdi txantxa erdi serio esandakoak: Aktore izan nahi duzula, ezta? Eta… jan, asko jaten al duzu? Aitak ere entzun zituen berba ironiko haiek eta bere ardura nabaria zen. Zaila egiten zitzaion aktorearen ofizioa ulertzea. Baina nik neureari eutsi nahi nion eta buru-belarri sartu nintzen antzerkiaren bideetan. Fede eta borondate faltarik ez nuen eta seriotasun osoz hartu nituen ofizioaren betebeharrak. Baina, nola konbentzitu aita?

Egun euritsu horietako batean, opari batekin etorri zitzaidan aita. K. Stanislavski-ren Un actor se prepara liburua eman zidan. Bizitza osoan gure aitak oparitu didan liburu bakarra izan zen hura. Nik ez nuen bera konbentzitu, berak ni bai ordea.

Sentimenduak gori-gorian nituen. Iritsi zen antzerkira dedikatzeko ordua jada. Zeruertzik gabeko bide luze bat neukan bihotzean. Maleta eginda neukan. Amona agurtzeko ordua iritsi zen. Bere gelara sartu eta ohean zegoen etzanda, triste-triste. Hurbildu, muxu bat eman eta zera esan nion:

-Madril-era noa.

-Zertarakoooo?

Nik banekien zertara, baina ezin izan nion inoiz azaldu.

Hamabost urte pasa dira jada, eta gure herrian gauzak ez dira asko aldatu. Are txarrago, batzuetan ilusioa galdu dudala sentitzen dut. Maleta zaharkituan ez dut ezer aurkitzen. Hutsunea. Kamusada. Izugarrizko tripako minak izaten ditut gaur egungo politika kulturalaren jarreraren aurrean, bihotzeko min handia daukat gizarte hermetiko, egoista, kapitalista, krudel honen aurrean. Ignorantziaren erreinuko politikook! Esan egidazue arren, INOIZ GALDETU AL DIOZUE ZUEN BIHOTZARI ZER, ZELAN ETA ZERTARAKO EXISTITZEN DEN ANTZERKIA?

Gure amona aspaldi hil zen. Antzerkiak, ostera, bizirik dirau. Egunero-egunero antzerkiaren eremu poetikoa hiltzen duzuen garai modernoetako borrerook! Antzerkiak bizirik dirau, eta ez da, ez, zuen bihotzari esker. Zertarako behar ditu antzerkiak zuen bihotz ustelduak? E? Zertarako?

2005eko abendua, NABARRA

 

Laborategiak

Larunbata, Abendua 20th, 2008

Laborategiak

Bai, badakit laborategi hitza, batzuentzat,  arrotza dela. Zientziaren esparruan ulergarriagoa da laborategiaren zentzua, baina arteak ere badu ikerketaren beharra. Gizartea aldatzen doan heinean, arteak ere aldaketak jasaten ditu. XX. mende hasierako abangoardiek izan zuten behar hori. Betiko eredu hermetikoetatik aldenduz, zenbait talde eta artista sortze prosezu desberdinetan murgildu ziren. Talde eta pentsamendu kritikoak sortzen hasi ziren eta bizitzarekiko jarrera estetiko berriak agertzen.

Arte dramatikoak ere aldaketa sakonak jasan izan ditu urteetan zehar. Teknologia berriek, espazioaren moldaketak, pentsamendu kritikoak, adierazpide anitzak…  horrek guztiak aldaketak ekarri ditu, eta begirada berriak sortu dira arte dramatikoaren alorrean.

Arte dramatikoan aktorearen figura agertzen zaigu beti, baina ez da hori, dramaren euskarri bakarra. Hitza, argia, erritmoa… arte esparru zabala da dramarena. Dramaren esanahia ekintzan kokatzen da eta dramaturgia ekintzak lotzen dituen aria izango litzateke. Dramaren espazioa gehienetan teatroa izaten da, baina gaur egun drama bat aurkezteko espazio anitz erabiltzen dira.

Disziplina bakoitzak ezagutza sakon bat eskatzen du, eta ofizioa denborarekin ikasten da. Aktorearen ofizioan entrenamendua beharrezkoa da. Gorputzak dituen hainbat mekanismo martxan jartzen ditu, gorputzaren posibilitateak ugariak bait dira. Arrazoia dela medio, edota lotsa, edota beste edozein gauzagaitik, gure gorputzari, gure sentsibilitateari mugak jartzen dizkiogu. Muga horiek gainditu, beldurrak gainditu, eta beste dimentsio berri eta propio bat aurkitzea izaten da laborategien bidea. Gure jakintza aberastea, pertzeptzioaren bideak zabatzea. Esperimentazioa bidaiatzat jotzen da. Diziplina bakoitzak bere kodigoak ditu eta kodigo horietatik hainbat modelo edota estilo ateratzen dira. Laborategiaren beharra horretan datza, modelo propioen ikerketa eta aurkikuntzan. Ezin ahaztu, hala ere, laborategi prosezu batean tradizioak izan dezakeen garrantzia. Folklorea, egoera politikoa eta kolektibitatearen imaginarioak ere funtsesko erremintak dira lanak abiapuntu konkretuak izan ditzan. Unibertsaltasunetik konkretura habiatzea izan daiteke bidea. Ondoren, konkretua dena unibertsal bihurtzeko. Aktorearen ofizioan, printzipio oinarrizkoena energia dela, arnasa.

Laborategiko lana beti barrura begira dago, ez ikusleengan pentsatzen. Ikuskizuna eta esperimentazioa inoiz ez dira bat, laborategiko lana eta ikuskizunean aurkezten diren lanak ez dira inoiz berdinak izaten. Akaso, laborategi baten emaitza ikuskizuna izan daiteke, baina ez da beti horrela gertatzen.

Izan ere, artearen emaitzak inoiz ez dira, eta ez dira izanen, materialak, espiritualtasunetik hurbilago dauden kontzeptu eta sentimenduak dira. Artea bizitzaren imajinario sinbolikoa baita. Arima eta gorputza inplikatuz, bizi irauteko erabili dezakegun jolasik ederrena.

2005eko urria, NABARRA

Antzerkigintza eta hezkuntza

Larunbata, Abendua 20th, 2008

 

Orain dela gutxi, antzerki ofizioko zenbait, mahai inguru batetan geunden, antzerkiaren hezkuntzari buruz jarduten. Unibertsitate baten beharraz hain zuzen.

Nik dakidanez, ofizio bat ez da espiritu santuaren graziaz ikasten. Gure herrian antzerkigintzak hezkuntzan ez dauka tokirik. Antzerkiaren mekanismoak ulertzeko hezkuntza bat beharrezkoa da. Antzerkigintzaren historia, estetika, dramagileak… eremu handia hartzen du. Normala orduan antzokiak hutsik egotea. Hezkuntzarik gabe ez dago gozamen artistikorik ezta estetikorik, ez dago ez jakin min ez jakin dohainik.

Gogoratzen naiz, gaztetan antzerkia ikasi nahi eta ikastolan ikasle, guraso eta irakasleak elkartzen gintuzten unibertsitateko karrerei buruz hitz egiteko. Enpresa bat etortzen zen informazioa ematera. Enpresa horretako profesionalek informazio ugari zuten eskuartean. Etorkizun oparoa izango zuten lanbideei buruz hitz egiten ziguten: psikologia, zuzenbidea, medikuntza, e.a. Gaztetan ere buru gogorra nintzan eta nik antzerkia egin nahi nuen. Baina antzerkiarekiko ez zegoen ezelako informaziorik. Beno bai, periodiko orri baten fotokopia bat eman zidaten, eta kito. Uste dut, gaur egun, hamazortzi urteko gazte batentzat gauzak ez direla gehiegi aldatu.

Hala ere, han joan nintzan ni, amaren marmarrak entzuten eta periodiko zati bat besapean. Horrez gero, ofizioa ikasi nuen eta oraindik ikasten nabil. Baina ikasitakoa abian jartzeko oztopoak baino ez ditut aurkitu. Telebistak ere ez dio asko lagundu gure ofizioari. Izan ere, edonork egin al du pertsonaia bat edozein espaziotan. Telebistan agertzen zaizkigun pertsonaia interpretatzeko modu horiek klixez beterik daude, eta arpegi pixka bat jarrita nahikoa da, famaren kontua  giza masaren arabera doa.

 Ostera, nik nahi nuena lortzeko, hau da, bufoi, komeriante, aktore, zarapastrero, ergel, gezurti, ametsen lapur, ijito eta antzezle izateko,  mila gauza gehiago ikasi eta egin behar izan ditut. Antzerki obra bat aurrera eramateko zenbat gauza behar diren lehenago jakingo banu! Eta sortze prozesua gau orduetan egiten den kontu bat bihurtu zait. Ez luke horrela izan behar baina hala da.

Enpresa bat eraiki, talde bat sortu, aurre ekoizpena martxan jarri, zuzendaritza, musika, testua, jantziak, eszenografia, aktoreen lana, argiak, atrezzoa, aurrekontua, ekoizpena garatu, entseguen lokala alokatu, proiektua defendatu, dramaturgia ezberdin guztiak bideratu, komunikabideekin kontaktuan jarri, estreinaldia prestatu, elkarrizketak egin, web orria zaindu, taldearen gestioa ondo eraman, distribuzio lana bideratu, antzoki guztietako programatzaileekin hitz egin… azkenean, ohean sartu eta  almoadari galdetuko diot. Bihar plater bero bat izango al dut?     

Utzidazue tropoekin jolasten: arrantzalea naiz, atun bila ateratzen naiz itsasora, baina itsasontzia behar dut,  baita lan talde bat, ezin dut edozein garaitan atun bila irten, itsasontzia mantentzea gastu handia da eta petroleoa geroz eta garestiago dago, inoiz ez dakit zenbat atun hartuko dudan, bueltatzen naizenean saldu egin behar dut, horretarako beste enpresa bat sortzea beharrezkoa da, langile gehiago, produktua merkatuan sartu behar da, distribuzio egokia egin behar zaio produktuari, eta agian lan asko egin ondoren atun lataren bat salduko dut… azkenean, ohean sartu eta almoadari galdetuko diot. Eta itsas pirata egiten banaiz?

Gaurko gizartean, ez luke horrela izan behar baina, kultura ere burtsaren merkatuan barrenetaraino sartua dago, eta nahiko debaluatua dagoela ikusten dut. Hamazortzi urte nituenetik gauzak ez dira asko aldatu. Beno bai, pirata izateko ilusioa oraindik ez dut galdu.

Behin, kargu publiko garrantzitsua betetzen zuen politikari batek zera esan zidan: “nik, nik ez naz olentzero”. Beste behin, eta inoiz baino serioago ari naiz, antzerki lan bateri buruz galdezka nindoala, zera erantzun zidaten: “Teatroa! Teatroa! Zera! Nahikoa teatro dago nire etxean!”.

Ondorioa: Arrandegian arrai ona, freskua eta kalitatezkoa oso apreziatua izaten da. Antzerkian kalitatea bilatzen dutenak (erosleak, programadoreak) gutxi dira.

Teloia.

2005eko abendua, ARGIA