Euskadi Irratian eginiko saio batzuk
Archive for the ‘7. MUSIKA (PTYX)’ Category
ZAPPATRUSTA KARABANA amaraunean
Asteartea, Otsaila 24th, 2009Gezi Beltzak
Astelehena, Otsaila 2nd, 20096. PTYX
Igandea, Otsaila 1st, 2009Jainkoa Harrapatzeko Tranpa
Igandea, Otsaila 1st, 2009
kontent nago, lautea utzi behar badut ere
behin batez soilik bizi banaiz
jainkoak bezala, aski zait.
F.Hölderlin-
Itzaliko dira gero ilunabarrean zentzuen kemenak
eta urratuko du denborak une geldiaren abesti gorena,
baina ez zaigu ahaztuko behin miraria genuela ulertu.
-X. Lete-
zuk erakusten duzun kantua ez da desira,
ez du, ezta ere, azkenean lortzen den zerbait eskatzen;
kantua izatea da. Erreza da jainkoarentzat.
Baina gu, noiz gara?
-R.M. Rilke-
Beste kantu bat nahiz eta Auschwitz
Zergatik ez nion ba itsasoari esango
izadiari emango naizenaren ahotsa
harresiak jasotzean belardien gainean
hodeiekin nahastean haragiaren kea
unaman ito zen koblakarien boza
baina harreziez haraindi
hodeietan barrena
kantu eske zirauen munduaren bihotzak
historiaren gaua esna eman zuen haurrak
ez egotzi niri sarraskiaren lotsa
iheslari naiz, bai, hezurrezko kaiolan
kantuka nabil gudu zelaien hautsean
baina ezinbesteko gudan
zauriaren ertzean
xerkatzen ari naiz zentzuaren zantzua
ez nazatela bila borreroen azokan
ez nauzue entzungo kalakarien ferian
isil-isilik noa deitzen nauen habira
aditzera joan naiz ahaztuaren hotsa
eta arrakalen altzoan
zeruari begira
ozen entzun nahi dut isilaren otoitza
sekulan isilduko ez denaren kantua.
EHIZAKIA
quousque tandem
abutere, Catlilina,
patientia nostra…!
Hutsik dago basoko bidean
jainkoak harrapatzeko tranpa.
Banan-banan erori dira zuloan
ikonoak, egurrezko bizarrak
arketipoak, urrezko tripak
pergaminoetako letra larriak.
Eta basoko bidean
jainkoak harrapatzeko tranpak
hutsik jarraitzen du.
DEMIURGOAREN PROMESA
Eskuaren hutsean estutzen dut gotorlekuen hareharria
behinolako zutabe eta kupuletako hondar gorri azkena
guztia hondatu ostean oraindik hondatu ez den guztia
hemen gordetzen dut beste mundu bat ereiteko hazia
egun batez berriz lokatz izanen den erresuma galkorra
ilunaren argia, hautsaren izarra, ozeanoan pausalekua
ez daitezela hona gertura gorpu-lapurren gurdi ilunak
ez dezatela beleek zapal nire amets sortzaileen soroa
alez ale, unez une sortzera noa gizakien sasoi berriak
kiskalitako adarrez egingo dut euren hezurdura apala
aurrien buztinean ernatuko da haragiaren bihotz-begia
porrotaren kea izango da gorpuen ezdeusaren arnasa
eta mirariaz ohar dadin izanen dena, izandakotik hazia
gau eta egun jainkotuko dut den eta ez denaren bizitza
ARATUSTEA
Zergatik ez ginen ba aldakorrak izango
planeta eta kimuen aratuste honetan
berunezko geziak harrapatu gaituen galdetzen duzue
eta ez, ez gaitu oraindik bizitzak aspertu
maitatzeko gaitasuna dugu oraindik
begira nola biltzen garen
maskaraturik, hypokrite zintzook
trikimailurik gabeko proskeion harri eta haragizkoan
zer egin bestela, kanpoan ere
akerren eta argiaren aldarte mudakorrak besterik ez bada
utz gaitzazue hortaz sugarrekin jolasten
gu, hauts piztu, hauts maitemindu
Scheveningengo dorreen mehatxupean:
bai, agian zu izango zara
ohera lotzen dugun hurrengo zoroa
baina bitartean
Izadiaren Arimak belarrez edo ustondoz
eztaliko du bere gardentasuna
eta guk sototik aterako ditugu printzesa eta arlekinak
bizitza berri bat asmatzen ari garela pentsatuz
baina bera ez den deus ere
ez gara sekulan izanen
mozorroz mozorro
Jainko, ereinotz edo Dafne.
AINGERU IZOZTUAK
to Elsa, frozen angel.
ai aingeru izoztuok, zuen
diamantezko hego hotz zorrotzekin
gezi gardenak lez supituan
gupidarik gabe eraman nauzue
ai flygande Freja, leinu eder
madarikatua
nire gorpua baino hotzagoak
eta isilagoak
dira zuen asmoak, begira
hau da zuen aldian-aldiko krimena
eta hondamendiaren harri bustietan
hauts zuriaren dirdira zoragarria
ez dira nire errautsak
zuen azaleko elurra da
ez dira, ez, nire errautsak
zuen erruaren oinatz hormatua da
zuen gaitz ederra.
EZINDUEN ETORBIDEA
Bide bat dago
zeruertzetik
auzo periferikoetara
Ezinduen Etorbidea deritzana.
Bidea hartu eta
haruntza gorantza
gorantzagora nahiean
hegaka doaz alabantzak.
Espaloietan baina
aingeru elbarrituak
nostalgiaz
zabaltzetako usategiei so
hil-oihal zuriz adio.
NEGUPASA I
Paisaiak ez du apenas zaratarik egiten.
Basoaren bihotzean
abar hormatuak baino ez
euren isiltasunaz
lanbroaren isiltasuna zulatuz.
Era berean neguko arimaren ezpalek
elurtegiak zabalduz
gure haragi mutuaren baitan.
NEGUPASA II
Hormatu dira putzuak eta itzalak
gailurretarako bidean.
Pauso bakar batez hautsi daitezke
baina hala ez balitz ere
imajina dezagun Sisiforen poza
alferrik isiltzen ez den elur azpiko munduan.
ORFEO EDO MUNDUAREN XIRULA
…o reine Übersteigung!
O Orpheus singt!
-R.M. Rilke-
Zoriona! isildu dira monarkak
azoketan pausatu bezero eta saltzaileak
izozturik geratu dira kalakariak pulpitoetan
lepoak altxatu dituzte, zabaltzetan gaindi
aingeru eroriek etorbideetan
haize leun batek epeldu ditu teilatuak
enparantzak, fundatzaileen estatuak
mutu paratu da gizadia leize apainduegietan
oi miraria!, Oi berpizkundea!
zabaldu dira munduaren bi ateak
eta xirularen zirrara barreiatu da
basurdeen gordelekutik lau haizeetara.
ERABAKIA GAZTAINONDOPEAN
I don’t wanna wait in vain for your love
-Bob Marley-
Edo zure atzamarren noranzkoa
edo noraeza
zure sabela ez den guztiaren eremu agortezina
zure oinek zapaldutako humus beltza eta mitxoleta gorriak
zure ordez sortu den oro: lurra, ura, airea, sua
edo ereinotzak ospatuko dituen gure oraina eta geroa
zure eskua eta nirea haur jostalarien multzoan
azken hatsaren unean zure eskua, nire eskua
hona hemen erabakirik behinena: edo zu
edo beste guztia
zuk bakarrik ordezka dezakezu
jainko txikiaren paradisua
bitartean, zure zain
hariz hari, behin eta berriz
desegingo ditut munduaren oihal eta tapizak
eta hariz hari berriz josi
eden eder honen mozorro eta apaingarriak
zure zain eta jakin gabe zer den zori eta zer fatalitate
igaroko dira bizia eta biziaren piroteknia eta ordezkariak
eta astiro-astiro, ilun eta mutu, goroldioak estaliko ditu
ar maiteminduaren arnasa eta zakila
ni bainaiz betirako, badakizu, Penelope, arima eta sexu
eta zu eta zu ai! eta zu…
ORDAINA
Zenbat aldiz zapuztu dugun zenbat gotorleku
eta mausoleoak eraiki zenbat aldiz
zenbat anfora, tenplu, argizari
zenbat hiztegi berriztu dugun
zenbatetan ordaindu antzinako jainkoen ahanztura
oraindik oinutsik, biluzik
arantzez zauriturik masustak biltzeko.
ONGI ETORRIA
Begira nazazu
ikusi nire sama zuria
ez da beranduegi esaten
eusten zaituen harriak ere
badu zure berri
hemengoa zara zu
ez duzu hemendik kanpo
gorotzan izkutaturiko artoa aurkituko
Begira nazazu, ez bizkarra eman
hots egiten dizunari
ni naiz habi
ni naiz habiaren begi
nigan bainatzen dira
gudarien gorputz lokaztuak
hautsez beteriko txorimaloak
aingeru izoztuak, iheslariak
une batean zurituko ditu bitsak
haitzen lepo gogortuak
Begira nazazu eta zatoz
zatoz gizon zatoz
ez da nigan arrotzik
har ezazu, har ezazu oraindik
zure bizitza ederregi hau
hemengoa zara zu
datzan haitza bezala
doan haizea bezala
mendea, gatza, soinua
dirauen jainkoa bezala.
SARE ZULATUA
Ihesean doaz kaioak axolagabe
itsaslabarretako habi ezkutuetara
ihesean doaz itsasoaren uhin geldoak
ezerezaren arnasa bailiran
eguzkiak ere ihes egingo du laster
eta ez dut apenas
bere azken argia kausituko.
Ihesean doaz munduaren taupadak
nire otoitzen sare zulatutik.
Baina nik
mundua Bizirik da
esango dut burua altxatu gabe
mundua Bizirik da
esango dut airea hozten hasia denean
mundua Bizirik
nire zeruertza nire ilunabarra
nire izarraren hautsa aurresentitzean
esango dut
urte askotarako mundua
Bizirik egonen da.
Eta munduak barre egingo dit
barrea ez den keinu eternalarekin
eta ihesean kaioak
ihesean uhinak
ihesean eguzkia
ihesean munduaren taupadek esango dute
zuretzat bihotzaren zama
guk ez dakigu Bizitza zer den.
BESTEA
GIZADIAN IZADI
Hari-harian hari
labarrean
kaio mugalariaren habi
ez arrain goibel
ez narrasti
tartean zizare umel
olatu erromes
zeruko amets
lur oraindik.
Hari-harian harri
bazterretan txingar
gorotzean arto
txikiagatik handi
hodeiaren sustrai
kimu
lore
sagar gorri
fruituen errauts
lur
lur oraindik.
JAINKOA HARRAPATZEKO TRANPA I
Letrak: JON GEREDIAGA
Musika eta soinua: HANK KLEE
Ahotsa: ANDER LIPUS
Garage Band Progamarekin sortutako lehen bozeto esperimentala.
2006ko ekaina – 2007ko ekainaren San Juan eguna
Jainkoa Harrapatzeko Tranpa, Jon Gerediaga PAMIELA argitaletxea, 2007
Irudia: ESKUARA, Aritz Merino
India
Astelehena, Urtarrila 12th, 2009Andorrako magnetofoia
Astelehena, Abendua 29th, 2008Txikitan Andorrara egin gendun biajie. Aitxek bertan magnetofoi bat erosi eban, eta magnetofoien grabau genduzen gure txikitako kantuek.
Itsasoak ez dauka puntarik
Astelehena, Abendua 29th, 2008Kievlovskiri omenaldi txikia
Munduko Indigena eta Txamanei
Eros(i)






