4.4.4. Babiloniako Loreak

 

loreak

SARRERA

Babilonia, behe Mesopotamiako hiririk handiena eta entzutetsuena izan zen. Babiloniako estatuko hiriburua. Erresumen lorea. Bab-ilu hitz semitatik dator bere izena. Bere esanahia: “Jainkoaren atea”. Behinola, gizadiaren urguilu, lurraren zilbor, edeneko lorategi basamortuaren erdian, jainkoari desafio egin zion gizadiaren erakusgarri izan zen ziutate handi hau. Baina azkenean, jainkoen amorrua eta madarikazioa ezagutu zituen Babilonia Handiak.

Jainkoa harrapatzeko eraikia, “Jainkoaren atea”  izateko egina, gizadiaren handinahia erruz ordaindu zuen Babiloniak. Jainkotik urrun, urrunegi sortu eta erori zen Babilonia. Zer gertatu ote zen han ernaturiko lore zoragarriekin? Horiek ere jainkotik urrun sortu, bizi eta hil ote ziren?

Agian Babilonia ez dago gugandik pentsa bezain urrun. Gaur eta hemen ere bizirik diraute Babiloniaren mitologiak eta poetikak. Zilegia da gure zibilizazioan negar egitea, baina lan ugari daukagu negar ugari egin ostean.  Hitzegin dezagun gure Babiloniari buruz, baina ez ditzagun inolaz ere ahaz Babiloniako Loreak.

 

SINOPSIA

Hegoak gogora ekartzen ditu bere amuma Inesen azken egunak, kantu bat altxatuz Babilonia madarikatuan.

 

KANTU BAT BABILONIA MADARIKATUAN

T. Adornok esan zuen ezin zela poesiarik idatzi Auschwitz ostean. Agian egia izango da, ez gaitu historiaren sarraskien erruak utziko kantu ttipietan ibiltzen gudu zelaien hautsean. Akaso labe makabro haien biktimentzat soilik zilegia izan liteke poesia idaztea. Hildakoek soilik hitzegin dezakete hildakoez. Gu ez ginen Auschwitzen izan. Baina alda dezagun metafora, alda dezagun antiutopia: har ditzagun Babiloniako gizakien amets handiak. Jainkoen etxera heltzeko gogo aseezin hura. Gauza jakina da: gizadiaren handinahiaren ondorioa jainkoen amorru eta madarikazioa izan zen. Hona hemen galdera: ez ote da gaur eguneko zibilizazioaren eredua handinahi horren jarraipena? Ez ote gabiltza (gu, gizakiok) iragan hurruneko akats eta handinahikeriak behin eta berriz errepikatzen? Esan nahi da: amaitu al da Babilonia? Edo bortitzago (eta barkatu hiperbolea): ez al gaude oraindik guk geuk sortutako Auschwitz edo Babilonia eraldatu eta diplomatikoago baten harresien artean, munduko jainkoetatik urrun?

Ez dugu esaldi eta galdera agian ezkorregi hauekin geure gizarte edo zibilizazioaren kritika suntsitzaile hutsean geratu nahi. Hiperbole hauek poesia idazteko, kantuka ibiltzeko zilegitasuna berrezkuratzea baino ez dute nahi. Posible da gaur egun poesia idaztea. Zilegia da. Gu ere gure biktimak garelako. Gure handinahikeriaren, gure amets utopikoen biktimak. Gizadiaren historiaz haraindi badago objektu poetikorik. Beharrezkoa da gaur kantu bat altxatzea. Are gehiago: ezinbestekoa iruditzen zaigu iraganeko eta eguneko Babiloniako loreei buruz hitzegitea.

Lurreko humus ustel eta beltzenean ernatzen dira lorerik ederrenak.

 

BABILONIATIK GURE HERRIRA

Saiatuko gara handinahikeririk gabe jorratzen handinahikeriaren aje eta loreei buruzko antzezlan hau. Ez dugu zertan iragan urrunera edota munduko bazter urrunenetara jo behar istorio hau kontatzeko. Babiloniaren eredua abiapuntu poetikotzat blirudtxohartu eta gure inguruan bilatuko ditugu metafora edo abiapuntu poetiko horren adibideak. Poesia ekintza bihurtu. Poesia dramatizatu. Eta poesiaren arketipo urrunak gure herri, gure hiri, gure zibilizaziora ekarri.

Badira gure artean oraindik bi mundu –gutxienez- denbora eta espazio berdina konpartitzen. Alde batetik, zibilizazio handi, globalizatu eta poteretsu baten parte gara. Mendebaldeko handinahikeri eta harrotasunaren partaide. Bestetik, gure hiri eta, batez ere, gure herrietan, bizi dira oraindik mundu zahar baten memoria hankadunak. Gure zuhaitz, sendabelar, kondaira zahar eta mitologia are zaharragoak ezagutzen dituzten azkenengo amumak. Agian munduaren jainkotik aldentzen doan munduaz ari garela esan genezake, baina agian egokiagoa litzateke gure amumen jainkoa eta gaur eguneko zibilizazioak gurtzen duena, jainko ezberdinak direla esatea. Behatoki pribilegiatua da gurea, mundu eta jainko ezberdin hauen talka ikusi eta kontatzeko.

Baina naturalismo eta panfleto sozio-politiko guztietatik aldentzeko asmoz, Babiloniako Loreak antzezlanaren tratamendu poetikoa egin eta obrak islatu nahi duen errealitate hurbila errealitate sinboliko bihurtzeko asmoa daukagu. Horretarako gure herriko hainbat errealitate, izaki edo ikuspegi abiapuntutzat hartuz, arketipo bihurtuko ditugu eta errealitate sinboliko batera eraman.

Saiatuko gara handinahikeririk gabe jorratzen handinahikeriaren aje eta loreei buruzko antzezlan hau. Ez dugu zertan iragan urrunera edota munduko bazter urrunenetara jo behar istorio hau kontatzeko. Babiloniaren eredua abiapuntu poetikotzat hartu eta gure inguruan bilatuko ditugu metafora edo abiapuntu poetiko horren adibideak. Poesia ekintza bihurtu. Poesia dramatizatu. Eta poesiaren arketipo urrunak gure herri, gure hiri, gure zibilizaziora ekarri.

GAIAK

Obraren mamiari dagokionez, besteak beste, lau gai nagusi jorratuko dira.

 

Heriotza: Edozein tragediak patuaren kontrako borroka planteatzen duen bezela, obra honen ildoa pertsonai nagusiaren heriotzaren hurbiltasunak markatzen du. Hegoaren begietatik, Inesen azken egunak agertuko zaizkigu oholtza gainean. Hortaz, heriotzaren presentziak eta irudikapenak berebiziko garrantzia izango dute antzezlanean.

 

Kantua: R.M. Rilkek berriztu zuen Orfeoren eredua jarraituz, heriotzaren aurrean edota Babilonia garaikide baten antiutopiaren erdian ere, zilegia eta beharrezkoa da kantu bat altxatzea. Hegoaren pertsonaiak gidatuko du, batez ere eta besteak beste, antzezlana aldarte honetarantz.

 

Mundu ezberdinak, Jainko ezberdinak: Gure zibilizazioan, denbora eta espazio berdinean, jainko edo idolo ezberdinak gurtzen ari dira. Inesek bilatzen duen jainkoa eta beste pertsonai arketipiko batzuek gurtzen dutena ezberdinak dira erabat. “Jainko” hitza, errealitate bezala baino, metafora moduan tratatuko dugu antzezlanean, metafora horren adiera ezberdin batzuk erabiliz.

 

Herria, Babilonia: Iraganeko edo orainaldiko, urruneko edo gertuko herri baten gaitz, inbidia, hutsune, borroka, min, fede eta loreak irudikatuko dira.

 

EGOERA DRAMATIKO OROKORRA

Hegoak kontzertu bat eman behar du. Kontzertua baino lehen, bere amuma Inesi azken agurra eman behar izan dio. Nahitanahiez, amumaren azken egunak etortzen zaizkio burura eta ikusleari berak imajinatzen eta oroitzen duena kontatzen dio. Amorruz, pozez, tristeziaz, maitasunez…eta guztia kantu bihurtzen du.

 

ESPAZIOAREN POETIKA.

Espazioaren antolakuntza fisikoak bi muturren arteko kontrasteak utziko ditu agerian. Ezkerraldean, Hegoaren mundua. Eskumaldean Inesena.

Hegoaren espazioak gaur eguneko edozein musika taldek beharko lukeen itxura eukiko du. Instrumentuak, mikrofonoa, monitoreak, etabar.

Inesen mundu sinbolikoan, ohe bat bere izarekin, gurutzea, maleta ohe azpian, loreak eta landareak, eta bata eta kaleko arropa esekitzeko aulkia.

Espazioak markatzen duen poetikari dagokionez, pertsonai guztiak euren jainkoa harrapatu, gurtu edota bilatzera etorri dira espaziora.

 

PERTSONAIAK.

 

Hegoa Gaur egungo 25 urteko neska gaztea. Dramaren narrazio zuzena bere esku dago. Bere amuma Inesen azken egunak gogora ekarriko ditu, publikoarekin komunikazio zuzena eta kantuak tartekatuz. Bere ekintzetan hiru jarrera antzematen dira. Lehenengoa, alde poetikoa (kantua/abestia); bigarrena, alde narratibo/deskriptiboa eta hirugarren eta azkena Inesen azken egunen errepresentazioan ematen dena. Orfeok egin zuen modura Euridice galdu ostean, bere helburua Inesi eta publikoari kantu bat eskeintzea da.

Ines 75 urte. Hegoaren amuma. Gure amuma. Bizitzeko esperantza galduz joan da bere azken egunetara iritsi arte. Hegoaren ihesa beste herrialde batera eragin zuzena izan zuen bere norabidearen galeran. Hilik dago. Oholtza gainean bere azken egunen oroimena agertuko da, Hegoaren ikuspegitik. Bere ingurura hurbiltzen diren pertsonai gehienek itolarria sortarazten diote. Bere jainkoa izaditik gertu dago. Inguruko munduarena aldiz, ez horrenbeste. Bere helburua jainkoa berriz ere aurkitzea da.

Nikosia Cáceres-ko Santibáñez el Alto-n jaitako 50 urteko emakumea. Ines-en lagunmina. Ines zaintzen du. Serora antzekoa. Denbora txarra egiten duela eta arduraz betea. Inesen mirabe erdalduna. Bere helburua Ines azken unerarte zaintzea da.

Witz Apaiza. Erlijio ofizialaren islada. Faltsukeria eta intelijentzia praktikoaren aita sasi-izpirituala. Latina eta Frantseza menperatzen dituen linguista zurruna. Jatun aseezina. Infernuko kontseiluan parte hartu izandakoa. Egun, Shylock Funeraria (SF†) enpresa erraldoiarentzat egiten du lan.

Axpe Politikaria eta legegizona. Boterearen arketipoa. Inesen azken botoa, bere lurren oinordetza eta bere dirua baino ez ditu nahi. SF†-ko zerbitzaria.

Kopla Medikua. Zibilizazio zientifikoaren ordezkaria. Dena sendatu nahi eta ezer sendatzen ez duena. Arnas estu eta patetiko dakar. Bizi gabe bizi da, egunero gaisotasun berri bat pairatzen. SF†-rako egiten du lan, baina berak ez daki.

Bo Herriko enterradorea. Ahomotela. Bufoiaren arketipoa. Jadanik beldurrik ematen ez duen deabru eroria. SF†-ko enplegaturik zahar eta baxuena, honezkero enpresako sekretu eta zulo guztiak ezagutzen dituena.

Eske Zamaltzain beltza. Zazpigarren zaldia izatera behartua baina nekeak jota dagoena. Inesen eldarnioen protagonista. Jainko zahar baten arima nekatua. Bere balio eskasak SF† enpresaren interesetatik salbu uzten du.

 

Azken Oharrak

Gure antzezlanak gauzatzera eramaten gaituena intuizioa eta intuizioak eragiten digun zirrara dira. Horretarako, momentu bakoitzean bizitzen ari garenaren hausnarketa egin eta gure aldarte eta pentsamenduen ikerketa burutzen dugu. Gu ez garen deus ere ez dugu sekulan idatzi edo antzeztu.

Antzerkigintzak herriarekin duen konpromezua agerian jarri behar dugu, baina panfleto sozio-politiko, edota hizkuntza zurrun eta hertsietatik urrunduz. Horretarako, Babiloniako Loreak antzezlanaren tratamendu poetikoa egingo dugu, obrak isla dezakeen errealitate hurbil eta herrikoia, lengoaia sinboliko eta hedagarri bihurtuz.

Testua ez ezik, Antzerkiolaren antzezlanetan parte hartzen duten lanabes dramatiko guzti guztiek gure taldekideen lanean izaten dute jatorria. Hortaz, gure obra guztiak orijinalak dira eta euskal antzerkigintzaren sormen lana hasiera hasieratik bultzatzeko xedea gauzatzen ari garelakoan gaude.