KEINU, ANTZERKIRA HURBILDUZ|

Errotik gorantza datorren keinua ahotsa, gorputza, zeinua.

Artedramak eta Kultur Etxea Fundazioak elkarlanean, arte eszenikoetara hurbildu nahi duten herritarrei aukera luzatu nahi diegu jolasa, irudimena eta sorkuntza elementu nagusitzat dituen antzerkiaren abenturan murgiltzeko. Gernika-Lumon kultur eskaintza anitza emateko asmotan antzerki ikastaroak ere eskaini nahi ditugu.  Arte eszenikoen mundura lehen pausua emateko tailer trinkoak euskaraz proposatzen ditugu eta horiekin batera antzerkigile ezberdinen begirada ezagutzea dugu helburu. Gure KEINU antzerkigileei, antzerkizale eta etorkizuneko aktoreei zabaldu nahi diegu gure herrian eta eskualdean.  Antzerkia jolas moduan euskara hutsean lantzea da gure erronka nagusia beste behin ere. Saio hauetan ikasle bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa eraikitzea gustatuko litzaiguke eta antzerkiak dituen forma guztiak ezagutzea gurekin.

 

Antzerkiaren transmisioa, unibertsoa, aldarrikapena orain eta hemen gure KEINUri esker.

 

Izena emateko, jarri gurekin harremanetan 615 779 511 telefonora deituz, edo info@artedrama.eus helbidera idatziz.

 

KEINU OIHANE ENBEITARI.

KEINU IRAIA ELIASI.

KEINU MIREN TIRAPURI.

Iraia Eias (Zarautz 1980). 2001ean diplomatu zen irakasle bezala Heziketa Bereziko espezialitatean. Era berean antzerkiarekiko interesak Donostiako TAEn antzerki ikasketak egitera bultzatu zuen, baita adar ezberdinetako antzerki ikastaroak egitera ere han eta hemen. Azken esperientzia Buenos Airesen izan du 2016.urtean, Lecoq-en pedagogian oinarritzen den antzerki sorkuntza eta mugimenduko CABUIA eskola internazionalean. Urte hauetan guztietan proiektu ezberdinetan hartu izan du parte eta proiektu kuttunen artean daude Ainhoa Alberdirekin batera sortutako TTAK TEATROA (2009) eta METROKOADROKA KOLEKTIBOArekin eginiko lanak. Zineman berriz, Koldo Almandozen Oreina eta Asier Altunaren, Amama filmean (2015) jardun zuen.

 

Animalietatik pertsonaietara

Milaka animalia ezberdin bizi dira lurrean.  Bakoitzak du bere erritmoa, arnasa hartzeko modua, mugimendua, begirada, energia… Animaliek emandako informazio horretatik abiatuko dugu lana pertsonaiak sortzeko.  Eurek gure gorputzean utzitako arrastoak zein pertsona mota sortu dezake?  Jolasa eta ikerketaren bidez deskubrituko dugu.

 

- Azaroak 21-22

- Elai Alai Aretoa

- 16 urtetik aurrera

- 25 €

Miren Trapu (Iruñea 1981). Centre de Estudis Cinematografics de Catalunyan diplomatua, eta Kultur eta Gizarte Antropologian graduatua. Antzerki fisikoari jarraituz Maria Stoyanova-rekin elkarlanean aritu zen Bartzelonan. Grotowski Institutuan (Polonia) eta E.I.C.TV-en (Cuba) aktore eta zuzendaritza ikastaroak jaso ditu. Egun, antzerkiko irakasle gisa eta hainbat konpainiekin aktore lanak egin ondoren (Artedramarekin Publikoari gorroto eta Hamlet, Vaivenekin Sherezade eta tipularen azalak, besteak beste) zuzendari eta aktore lanetan jarduten du  bere konpainian: Beheko Larraine. Manifestu bat antzezlanarekin Libanon, aktore hoberenari saria jaso zuen 2019an..

 

Gorputz aldakorra, gorputz askea

Objektua-gorputza-hitza. Hiru baliabide hauetatik abiatuko gara gure egunerokoan mugatzen gaituzten araudi edo muga desberdinak apurtzeko. Barne-bulkadak jasotzea eta gorputz fisiko sentiberago bat lortzea izango dugu helburu. Gorputz aske eta aldakor bat lortzea. Objektutik. Gorputzetik. Hitzetik.

 

- Abenduak 12-13

- Elai Alai Aretoa

- 16 urtetik aurrera

- 25 €

Oihane Enbeita (Gernika- Lumo 1978). Ma Kolektiboa arte bizien elkarteko sortzaile-kide. Lua Kastore dantza-antzerki ikusgarria estreinatu zuen  2019an Joseba Jaka bekaren babesean. 2018an KIMU bekaren bitartez, haur eta gazteei zuzendutako arte eszenikoetan trebatzeko formakuntza jaso zuen. 2014 Caf Elhuyar sorkuntza saria jaso eta zientzia eta artea uztartzen zituen talde sorkuntza aurkeztu zuen. Gaztetatik bertsolari jardundakoa, hitzaren jolasari lotua, hitzetik ahotsari, ahotsetik gorputzari… 1999an Antzerkiola Imaginarioan eman zituen antzerkiko lehen pausuak eta dramaturgia berriek tentatzen dute egun. Begirada poetikoak gidatzen du.

 

Egunerokotasunaren poetika

Ikastaro honetan arruntetik poetikorako bidea jorratuko dugu. Mugimendu bat, hitz bat… zerk bihurtzen du poetiko? Antzezlearen lana interpretatzea eta komunikatzea da. Nola interpretatzen dut inguratzen nauena neugan eta interpretazio hori nola helarazi besteei. Poesia bera ez al da errealitatearen interpretazioa? Zer ezkutatzen da egunerokotasunean, arrunta deritzogun horretan? Unibertsoa partikuletan bezala, gizakiaren kezka unibertsalak kezka partikularretan proiektatzen dira. Antzezpen bakoitza ikuspegi partikular bat da. Zurea deskubritu nahi?

 

- Azaroak 7-8

- Elai Alai Aretoa

- 14 urtetik aurrera

- 25 €

Deskargatu Flyerra >>

Artedrama. Arte Eszenikoen Plataforma.                                      Tel.: (+34) 615 77 95 11  .  (+34) 636 552 244

info@artedrama.com